Sagardo naturala

Astigarragako Sagardoa

Zapiain

Sagardoa

Gure sagardoa sagar muztioaren hartziduraren ondorioz sortutako edari naturala eta alkohol gutxikoa da (%6 inguru). Produktu guztiz naturala eta bizia da, eta ez zaio kontserbatzailerik gaineratzen. Ez du sulfito erantsirik eta bere karbono dioxidoa hartziduratik datorkio.

Zapiain Sagardoa trago luzeko edari freskagarria da eta garraztasun nabarmena dauka. Horrek bazkari on bat laguntzeko bikotekide paregabea bilakatzen du, batez ere parrillan prestatutako platerekin gozatzeko. Fresko edan behar da, baina ez hotzegi (10-12 ºC inguru).

Sagardoak sedimentuak izan ditzake, iragazi edo argitu gabeko produktua baita. Zerbitzatu aurretik, komenigarria da likidoa homogeneizatzea, botila irauliz eta apur bat astinduz sedimentua disolbatzeko eta daukan karbono dioxido naturala esnatzeko.

Beira fineko edalontzian eta kantitate txikietan zerbitzatzea gomendatzen dugu. Horrela, produktua fresko mantenduko da eta egoera ezin hobean gozatu ahal izango da, zapore eta usain guztiak mantenduz eta oxidatzea eta bere indarraren zati bat galtzea saihestuz.

Kalitate ziurtatua

Kalitatea da gure upategiaren oinarrietako bat. 1981ean, Zapiain sagardotegiak Miguel Zapiain barneratu zuen bere lantaldean, euskal sagardoaren sektoreko lehen enologoa. Ordutik aurrera, produktuaren kalitate handiena lortzeko prozesuak ikertzea eta hobetzea enpresaren etengabeko ezaugarria izan da. Horri esker, merkatuen etorkizuneko eskakizunei erantzuteko gaitasuna garatu dugu. Horrek guztiak gure negozioaren arrakasta nabarmen bermatu du. Gure upategiaren balio handienetako bat kontserbatzailerik gabeko produktu natural eta bizi bat prozesatzeko urteetan zehar lortutako ezagutzan datza.

2006an, Zapiainek kalitatearen kudeaketarako ISO 9001 araua ezarri zuen. 2010az geroztik, Zapiainek IFS Food (International Featured Standard) prozeduraren pean egiten du lan, elikagaien segurtasunean ardaztutako estandar oso zorrotza. 2011n, Zapiainek IFS maila gorena lortu zuen. Ziurtagiri hori urtero berritzen da, instalazioen eta prozesuen auditoria igaro ondoren.

Ziurtagiriak

Gure upategian sagardoaren eta hori egiteko erabiltzen den sagarraren kalitatea eta jatorria bermatzen duten 3 ziurtagiriekin lan egiten dugu.

Historia

Sagardoa Euskal Herrian aintzinatik ekoizten den produktua da. Euskaldunak sagardogintzarekin lotzen dituen lehen dokumentua 1014ko apirilaren 17koa da. Bertan, Antso III.a Iruñeko erregeak Gipuzkoan kokatutako lurrak ematen dizkio Leireko monasterioari, zeinaren ondasunen artean sagarrondoak baitaude.

Mende bat beranduago, Aimeric Picaud-i egotzitako Santiago Bideko gida ospetsuak Euskal Herriko sagarrondoei eta sagardoari buruzko erreferentzia zuzena egiten du. Honela dio ezagutzen den lehengotariko erreferentziea idatziak:

“Gero, Port de Cize-tik gertu, Euskal Herria dago, iparraldean kostalderantz Baiona hiria duena. Lur hau barbaroa da bere hizkuntzagatik, basoz eta muinoz betea baita ogiz, ardoz eta gorputzerako jaki guziez eskasa, sagar, sagardo eta esnearen kontsolamendua izan ezik”.

Une horretatik aurrera, sagardoaren aipamenak ugaritu egin ziren eta XIV.mendean ohikoa da euskal udalerrietan sagarraren laborantza nahiz sagardoaren ekoizpen eta merkaturatzeari buruzko ordenantzak aurkitzea.

XVI. mendean iritsi zen sagardoa bere garairik gorenera, bakailao arrantzaren eta balea-ehizaren industriaren gorakadarekin. Hurrengo mendeetan, sagardoak bilakaera handia izango zuen ongi errotuta jarraituko du euskal kulturan.

Sagardoaren gainbehera gerraosteko garaian iritsi zen Euskal Herrira, 1936ko gerra zibilaren ostean eta diktadura frankistaren etorrerarekin. Hainbat arrazoik ekoizpena nabarmen murriztea eragin zuten: langile faltak, beste edari batzuen zabalpenak, zergak edo euskal kulturaren eta bere aisialdi espazioen jazarpenak…

1920ko hamarkadan urtean 20 milioi litro inguru ekoizten baziren ere, sagardoak 1967an bizi izan zuen unerik txarrenetako bat, milioi bat litro besterik ez baitziren ekoitzi.

Garai hartan Nicolás Roxario Zapiainek sagardoa ekoizteko apustua egin zuen milioi erdi litro baino gehiagoko upategi bat eraikiz. Gaur egungo Zapiain Sagardotegiko ikurra da upategi hau, eta egun oraindik ere erabiltzen dira sagardoa egiteko egurrezko kupel horiek.